|
Maddi Oihenart euskal herri musikako ahotsik zoragarrien, aberatsen eta zinezkoena dugu, ezbairik gabe.
Maddik beste inork ez bezala adierazi eta aberasten du Zuberoako abesteko modua. Izan ere, Iparraldean artzain-musika bizirik mantentzen jakin dute, eta zahartu beharrean, musika herrikoia, inoiz baino hobeto mantendua, errespetatua eta maitatua dago.
Maddi Oihenarten kantatzeko modua ez da genero eta estilo arauetara mugatzen: “a capella” ateratzen du bere arimatik mendietan bizi eta sentitzen duena.
Konpasa, haizeak markatzen dio. Erritmoa, naturatik, sentimenduetatik, eta bere senetik hartzen du Maddik. Eta bere ahotsa, sakontasun eta sentiberatasun iturri garbia, lur majiko eta mitikoaren lilurara entregatzen da, aldi berean euskalduna eta unibertsala den lur horretara.
Ezin liteke bestela izan, Maddi Oihenartek Zuberoako musika erakutsi diguten hainbat eta hainbat diskoetan hartu du parte. Baina bere kezka haratago doa. “Ilhargi Min” diskoan (Maddi Ohienart eta Josetxo Goia-Aribe, Metak 2003), aurrerapauso bat eman zuen bere sustraiak ahaztu gate eta jazz hizkuntzan murgildu zen, oso urrutiegi geratzen ez zaion mundua. Oso sorpresa atsegina.
Bide baten hasiera izan zen, eta orain proposamen pertsonalago eta ausartago egiten digu, “Hari biru” (Elkar, 2007) disko eta zuzeneko ikuskizunarekin. Maddi Oihenart, inoiz baino askeago, instrumendu garaikidetaz inguratu da bere mundua ezagutu dezagun. Bere mundu hori, barea da, inguratzailea, zinezkoa, kontaminatu gabea, poesiaz eta folk berrituaz betea. Zuberoatik ikusten den mundua beste bat da. Maddiren ahotsa ere bai.
“Hari biru” hau bere izenean kaleratzen duen lehen diskoa dugu. Zuberoako esentziak, bere arimaren lasaia eta gizakiaren betidaniko oroimenak harilkatzen ditu Maddik bere ahots eder, sendo eta zabalaren inguruan, bere konposizioak hala nola egungo euskal olerkiak besteren gainetik nabarmenduz. Zenbait abestien egile den Juantxo Zeberioren moldaketen soiltasuna lagungarri suertatzen da Maddiren sentipena melodia gozoaz beztitzeko.
”Hari biru” izeneko disko honek harritu eta harrapatu egiten gaitu; biluzia bezain dotorea, gizatiarra eta zerutiarra aldi berean, Maddiren ahots unibertsalak gure ametsen bidezidorrak argitzen dizkigu, irribarrez bere magal beroan esnatzen garen bitartean.
"Hari Biru" ZUZENEAN:
Maddi Oihenart: ahotsa
Juantxo Zeberio Etxetxipia: pianoa
Txema Garcés: kontrabaxua
Pello Ramirez: txeloa eta akordeoia |