Bixente Martinez

Bixente Martinez gitarristak bere lehen bakarkako lana aurkeztu du 2021eko udazken honetan. Txoria buruan eta ibili munduan izeneko disko berriaren oinarria, Elkar disketxeak ekoiztua, Oskorriren errepertorio mitikoa da eta Elkar disketxearen zigilupean argitaratu da urrian. Nahasketak Jean Phocasek egin ditu eta azken masteringa, berriz, Victor Sanchezek.

Musikariak azaltzen duenez, “2020ko itxialdi gogorreko egunetan sortu zen ideia. Garai horretan gitarra hartu eta aire eta doinu ezberdinekin jolasten hasi nintzen, eta modu naturalean kantu hauek heldu ziren nire eskuetara, apur bat kasualitatez”.

Hala, Oskorriren errepertoriotik ateratako kantuak bere barruko esentziarekin biluztuak izan dira, ondoren modu libre eta berri batean birmoldatuak izateko. Disko honetan gitarra ezberdinak erabili ditu artistak, akustikoak eta elektrikoak, baita loopak eta bestelako efektu ezberdinak ere.

Disko berriaren aurkezpenarekin batera datoz Martinezen kontzertuak lana taula gainean aurkezteko. Oskorriren kantuei bizi berri bat emango dioten emanaldi horietan musikaria Haatik Dantza Konpainiako dantzariekin batera arituko da oholtza gainean.

También te pueden interesar