Buba Espinho
Buba Espinho Bejako abeslari gaztea da. Txikitatik bizi eta sentitu izan ditu musika tradizionalaren sustraiak, bere aita musikariarekin batera, hark transmititu baitzion kultur balio zaharrenak zaintzeko eginkizun garrantzitsua. Bubaren ahotsa eta gitarra entzutean, gizateriaren ondare ukiezinen artean dauden bi genero musikalen arteko lotura senti daiteke: «Cante Alentejano» eta «Fado», bere lehen diskoan, Buba Espinho-n, argi eta garbi islatzen den bezala.
«Cante Alentejano» txikitatik izan zuen bidelagun Bubak; «Fado»-a, ordea, askoz beranduago iritsi zen, baina modu naturalean, bere sustraien eraginak harmonia perfektuan uztartuz. Gaztetasunetik harago, Buba jada ibilbide sendo eta oparoa duen musikari bihurtu da. «Cante Alentejano»-an lehenik, talde garrantzitsu askotan parte hartu zuen: «Adiafa», «A Moda Mãe», «Os Bubedanas», «Mestre Cante» eta «Há Lobos Sem Ser na Serra». Ibilbide aberats eta bizi horrek bere gailurra izan zuen 2016an, Bejan eta Lisboako hiriburuan fado abeslari gisa bere lekua egiten ari zen garaian. Urte hartan, Lisboako Coliseu dos Recreios-en ospatutako «Grande Noite do Fado» gala entzutetsuan irabazle izan zen, fadoaren belaunaldi berriko promesarik itxaropentsuenetako bat bihurtuz.
Gala garrantzitsu hartan garaile izan ondoren, Buba Espinhok aspalditik desiatutako bakarkako ibilbideari ekin zion. Lehen bakarkako emanaldiak egin zituen, bere konposizioak esploratu eta lehen abestiak grabatu. Ordutik, ohiko gonbidatua da musika portugeseko izen handien ikuskizunetan, hala nola Rui Veloso, Ana Moura, António Zambujo, Agir, Dama, Mariza eta beste askorekin.
Beja jaioterritik abiatu zen Lisboara, eta arrakasta handia lortu zuen hiriko fado-klub enblematikoenetan jotzen: «Faia», «Casa de Linhares», eta ospetsuenetan, «Clube de Fado» edo «Adega Machado». Laster, estatu osoko agertoki nagusietan aritu zen: «NOS Alive Festival», «Coliseu de Lisboa», «Coliseu do Porto», «Casa da Música», «Centro Cultural de Belém», «Ovibeja Summer Festival», eta herrialdeko beste toki esanguratsu askotan.
Bakarka ere aritu da hainbat herrialdetan: Ingalaterra, Timor, Maroko (Fado Nazioarteko Jaialdia), Kanada, Espainia, Austria, Suitza, Frantzia eta Belgikan (Europako Parlamentuko kultura-zerbitzuek gonbidatuta). 2020an bere lehen estudio-diskoa kaleratu zuen, eta albumen zerrenda nazionalean 10. postura iritsi zen. Bubak ia ezinezkoa zirudiena lortu du: adin gaztean, maisutasunez uztartu ditu modernoa eta tradizionala, barrualdeko izaera eta hiri handien sentimendu urbanoa, belaunaldiz belaunaldi transmititutako tradizio portugesen ondarea eta ausardia berritzailearen grinarekin.