Juan Mari Beltranek bere “Hots-Larretan” ikuskizuna hirukoetan aurkeztuko du Amasan (Billabonan)
Juan Mari Beltranek, Errege Belda eta Ixiar Jauregirekin batera, bere “Hots-Larretan” izeneko ikuskizun ezaguna aurkeztuko du irailaren 29an Billabonan. Oholtza oso berezi baten gainean egingo du. Amasako Elizan, hain zuzen ere.
Proiektu horrek, gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, jolasa eta hitzen arteko topaketa izan nahi du. Hots eta doinuen arteko elkartze edo topaketa hori, hainbat giroetan murgilduko da: natura eta paisaiak, herri eta pertsonen ospakizunak, festak, jolasak, harremanak…
Dantza doinuak, jolas doinuak eta kantak, mendiko eta kaleko kutsua duten doinu eta erritmo zaharrak zein berriak; doinuz, erritmoz eta hitzez osaturiko poesia …
Topaketa horretan hotsak elkartzen dira: Isturitzeko harpetako hezurrezko flautak eta arrabitaren hots barnerakoiak, burrunen hots sakonak, txorien kantuak bezalako xirularen txioak, erritmoa markatzen duten danbolina eta ttunttuna, txalaparta makilen eta akordeoiaren botoien saltoak, albokaren harrabotsa eta xirolarruaren oihua, txistua, dultzaina, tronpa…
Elkartzen dira dantza urratsak gidatzen dituzten xirulak-ttunttunak eta sunprinuz egindako artzainen “durunbele”ak, erritmo eta neurri zaharrak doinu berriekin eta doinu zaharrak hots berriekin, musika erritmo eta neurri zaharretan eta berri-berrietan. Musikari jarritako hitzak, hitzei jarritako musika. Musikak eragindako hitzak eta poesia eragindako musika, musikari jarritako dantza eta koreografia eta dantzei jarritako hitzak eta horiek janzteko doinuak.
Juan Mari Beltran, Errege Belda eta Ixiar Jauregirekin batera arituko da hotsez, erritmoz eta musikaz osatutako sinfonia ederrean.
Juan Mari Beltran: Txalaparta, alboka, dultzaina, arrabita, txistua-danbolina, xirolarrua, tilinka, tronpa, ahotsa.
Ixiar Jauregi: Ahotsa, txalaparta, perkusioa.
Errege Belda: Ahotsa, akordeoia
Juan Mari Beltran beste kontzertuak
De momento, este artista no tiene más conciertos programados