Juan Mari Beltranek “Kostaldeko soinuak” diskoa aurkeztuko du aste honetan Castellón eta Zugarramurdin

2021ko Uztailak 27

2019 urtean “Kostaldeko soinuak” diskoa kaleratu eta zenbait zuzeneko eskaini ondoren, Juan Mari Beltranek aste honetan bere azken lana zuzenean aurkezteko aukera izango du, Castellón eta Zugarramurdin.

Hain zuzen ere, Castellóko Arte Ederren Museoan izango da ostegun honetan, uztailaren 29an, 22:30ean, eta egun bat beranduago, uztailaren 30ean, Zugarramurdiko leizean arituko da bere taldekideekin batera, arratsaldeko 17:00etan.

Lehen emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu behar izango dira emanaldia baino ordu bat lehenago, museoaren sarreran. Zugarramurdiko kontzertuari dagokionez, leizeko bisitaren barne eskainiko da emanaldia, eta ticketak online hartu daitezke Zugarramurdiko leizearen webgunean edota sarreran bertan.

Hala, itsasoa, ontziak, marinelak, arrantzaleak eta arraunlarien inguruko historiak aipatzen dituzten doinuen eskutik, kantuz kantu euskal kostaldetik paseo bat egitea proposatuko dute “Kostaldeko soinuak” ikuskizunarekin.

Guztira, 16 pieza dira, herriz herri jasotakoak, Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko herri kantutegikoak, eta, besteak beste, honako gaiak ditu hizpide abestietan: ontzietan pasatako goseteak, ekaitzak, tragediak, baleen arrantzatzearen kontakizunak, Kristobal Colon bizitza kontatzen duen bertso sorta, emigrazioa, Ternuara joaten ziren marinelen beldurrak…

Laukote formatuan eskainiko da kontzertua eta Juan Mari Beltranekin batera (txistua, zarrabetea, xirolarruak, txalaparta, alboka, dultzaina, klarinetea, xirula eta koroak), Ander Barrenetxea, Errege Belda eta Aitor Gabilondo izango dira.

 

Partaide egin

Juan Mari Beltran beste kontzertuak

De momento, este artista no tiene más conciertos programados