Flauten unibertso zabala ezagutzera emango du Juan Mari Beltranek CD-liburu eta kontzertu baten bitartez 

2022ko Apirilak 4

Euskal musikaren ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoa den Juan Mari Beltran musika-instrumentuen inguruko egitasmo berri batekin dator Soinuenea Fundazioarekin batera. Hain zuzen ere, bere ibilbide zabalaren ondoren, euskal musika-tresnen inguruan duen ezagutza guztiari difusioa emateko helburuarekin, entziklopedia berri bat osatu du instrumentu guztien nondik norakoak azalduz, eta urtero ale bat argitaratuko du datozen lau edo bost urtetan, musika-tresna talde ezberdinen inguruan. “Soinu-tresnak euskal herri musikan” titulua duen egitasmo honen helburua da gure herri ondarean erabili izan diren hots soinu-tresnen entziklopedia osatzea.

2022 honetan kaleratu berri da lehen liburu-CDa, non aerofonoen multzoko flautak diren lehen zatia aurkeztuko duen Beltranek. Euskal Herrian flauta deritzen haizezko soinu-tresna ugari ditugu; hain zuzen ere, aski ezaguna den txistuaz gain, ezezagun zaizkigun beste hainbat flauta mota ere jo izan dira gure lurretan: abrikot hezurrezko txilibituak, pistoi flautak, xirula, kanaberazko zeharkako flautak eta abar.

“1999an euskal soinu-tresnak aurkezteko Euskal Herriko Soinu-Tresnak CD-ROM interaktiboa sortu genuen Elhuyar Fundazioarekin, baina material hori zaharkitua geratu da”, azaltzen du Beltranek. Orain, artikulu horiek berritzeaz gain, euskarri fonografiko bat argitaratuko da. Era berean, entziklopedia tradizional moduan proposatzen den egitasmoak Soinuenearen webgunean atal digitala izango du, eta idatziak hainbat material multimediaz osatuko dira.

Txulubite malabite… kontzertua

Gainera, instrumentu horien bereizgarri diren soinuak zuzenean ezagutzeko aukera izango da proiektua aurkezteko prestatutako kontzertu berezi baten bidez, txulubite malabite… izenpean, eta aerofonoen soinu eta ezaugarri desberdinak zeintzuk diren ezagutu ahal izango da emanaldi berezi honetan.

Proiektua aurkezteko kontzertua, hain zuzen ere, datorren maiatzaren 14an izango da Donostiako Victoria Eugenia Clubean, eta Juan Mari Beltranekin batera Errege Belda, Ander Barrenetxea eta Aitor Gabilondo izango dira oholtza gainean. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean izango da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Donostia Kulturaren webgunean.

-Kontzertuan joko duten musikarien izenak eta instrumentuak:
Juan Mari Beltran: Txistua-danbolina, xirula-ttunttuna, flautak, txilibituak.
Errege Belda: Akordeoia.
Ander Barrenetxea: Ahotsa, atabala, danborra, panderoa, perkusioak.
Aitor Gabilondo: Ahotsa, gitarra.

Partaide egin

Juan Mari Beltran beste kontzertuak

De momento, este artista no tiene más conciertos programados