Sonakay taldeak bere disko berriaren lehen singlea kaleratu du: “Heroiak” 

2022ko Maiatzak 25

Sonakay taldeak lan berriaren lehen singlea kaleratu du gaur, maiatzak 25ean eta dagoeneko “Heroiak”, David Bowieren “Heroes” kantuaren bertsioa, entzungai dago plataforma digitaletan.

Hirugarren estudioko lana argitaratzear dagoenean, euskal-flamenko taldeak disko berriaren lehen aurkezpen-kantua kaleratu berri du. Hain zuzen ere, David Bowieren abesti ezagunaren euskarazko bertsio bat egiten ausartu da taldea, eta moldaketa berezi honen euskarazko hitzak Harkaitz Canoidazlearenak dira.

Dagoeneko guztien eskura dago kantu berria plataforma digitaletan, eta berriro ere ikus-entzuleak aho zabalik geldituko dira taldeak flamenkoa euskaraz egiteko duen trebetasunaren aurrean. Oraingo honetan, gainera, klasiko handietako baten bertsio bat osatuz.

“Heroiak” singlea, diskoko abesti guztiak bezalaxe, Jaime Stinus musikari, konposatzaile eta ekoizle esanguratsuak ekoiztu du. Aipatzekoa da Stinus, bere ibilbide profesionalean zehar, Orquesta Mondragon-eko kide izan dela, eta musikari eta ekoizle gisa lan egin duela, besteak beste, Loquillo, Joaquin Sabina edota Hombres G-rekin.

 

 

Disko berria osorik, ekainaren 8an eskuragarri

Aurrerapen single honen ondoren, Sonakayk “Suerte” izeneko hirugarren diskoa kaleratuko du datorrenekainaren 8an.

Lan berri honek 8 abesti gehiago izango ditu, eta horien artean izango da baita ere Luis Eduardo Auteren “Al alba” bertsioa. Kantu originalen artean, berriz, Iker Laurobaren abesti bat ere izango da; beste guztiak taldeko abeslaria den Yoni Camachorenak dira.

Lan berria Oiartzungo Mecca Recording Studios-en grabatua izan da martxoaren hasieran, eta Jaime Stinus ekoizleaz gain, goi mailako musikarien parte-hartzea izan du taldeak album honetan; hala nola, Iñaki Salvador (pianoa), Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua), Luis Moreno ‘Pirata’ (haizeak), Bixente Martinez eta Jaime Stinus (gitarrak) eta Lara Mitxelena eta Gema Ines (txalaparta).

Euskal-flamenko taldeak euskaraz eta gazteleraz abesten jarraitzen du lan honetan, baina disko hau nolabaiteko inflexio-puntu bat izango da taldearen ibilbidean saltu kualitatibo handia emanez.

Une honetan taldea buru belarri dabil zuzeneko berriak prestatzen, eta azpimarratzekoa da konfirmatuta dituztela disko berria aurkezteko emanaldiak Sestaon, Irunen eta Elorrion (ekainaren 26an, abuztuaren 26an eta irailaren 4an).

 

Partaide egin

Sonakay beste kontzertuak

De momento, este artista no tiene más conciertos programados