Bidaiatzea eta musika, horiexek Mikel Azpirozen (Donostia, 1971) ibilbidea markatzen duten bi oinarriak. Sei urte zituela hasi zen pianoa jotzen, musika klasikoko ikasketak eginez, eta oso garaiz hasi zen etxeko tokadiskoak jotzen zuen guztia entzuten; musika afroamerikarrak ukitu zuen bereziki. Hammond B3-aren xarmak harrapatuta, Elkano Browning Cream taldea sortu zuen, eta hor erritmoan oinarritutako sorkuntza lantzen du batez ere. Pianoarekin eta organoarekin erakusten duen malgutasuna dela-eta, hainbat proiektutarako deitzen dute beste musikari batzuek.

Bidaiak eta musika elkar elikatuz (Australia, USA, Nigeria, Txina, Ekuador, India…), nortasun musikal askotarikoa eta nabarmena lantzen segitzen du, eta azkenean, jazzik erritmikoenaren, bluesaren eta munduko beste musika batzuen inguruan lur hartzen du.