BERRIAKCESARIA EVORA



 Web ofiziala
www.cesaria-evora.com

 Biografia
“Emakume afrikarra nahiz”, dio Cesaria Evorak. jarraitzen du...


PRENTSA TXOSTENA - MUNDUA TOLOSAN - 2007ko udazkena
2007.eko Irailak 6

MUNDUA TOLOSAN / 2007ko udazkena

MUNDUA TOLOSAN zikloa 2007ko udaberrian hasi zen, bi kontzertu handiekin: MARIZA (apirilean) eta RODRIGO LEAO & LUDOVICO EINAUDI (maiatzean). Arrakasta handikoak izan ziren bi kontzertuak orokorrean, bai ikusle kopuruaren aldetik, bai eta kritika eta oihartzunaren aldetik ere.

Horregatik, MUNDUA TOLOSAN zikloaren beste deialdi bat egiten dizuegu, anbizio handiagorkoa beharbada, baina beti kalitate berdinarekin. MUNDUA TOLOSAN zikloak jatorrizko filosofiari eusten dio: Tolosako LEIDOR Antzokia Munduko Musiken zirkuituan erreferentzia bihurtzea, lurraldearen programazioa aberastuz eta Tolosara hurbilduz. Izan ere Tolosa leku estrategikoa da kultura zein kokapen mailan.

MUNDUA TOLOSAN urte osoan denboraldika garatzen den zikloa da. Mundu guztirako munduko musikak programatzen ditu, ikusle guztiek disfrutatu ahal izateko. Tolosaldean ezezeik inguruko herrietan ere garatzeko asmoarekin.
Luxuzko programazioa da, nazioarteko ikuskizunen mailarekin parekatuta. Programazio hau Tolosa eta Syntoramaren elkarlanaren ondorioa da./ www.syntorama.com

2007ko udazkenerako programazioa ez da makala: Afrikan hasiko gara, azaroaren 13an CESARIA EVORAren sensualitate eta berotasunarekin. Bertan, “Rogamar” izeneko bere azken lana aurkeztuko digu. Ondoren, azaroaren 23an, ziklo honetako propio sortutako emanaldi esklusiboa izango dugu entzungai, lehen aldiz, CARLOS NUÑEZ eta bere taldea ALOS QUARTET harizko laukote gipuzakoarrarekin batera ariko da, "Cinema do Mar” lanaren doinu zeltak eskaintzeko. Amaitzeko, abenduaren 15an doinu afroamerikarretaz disfrutatu ahal izango dugu, BLACK HERITAGE SINGERS taldearekin.

www.syntorama.com



MUNDUA TOLOSAN / 2007ko udazkena
Leidor Antzokia 21:00


CESARIA EVORA(Cabo Verde)
Rogamar
azaroak 13

CARLOS NÚÑEZ & ALOS QUARTET(Galizia & Euskal Herria)
Cinema do mar
azaroak 23

BLACK HERITAGE SINGERS (Mississippi, AEB)
Concierto gospel de Navidad
abenduak 15


Sarreren salmenta
Telekutxa, Servikutxa y www.kutxa.net
LEIDOR Antzokiko leihatilan



CESARIA EVORA
ROGAMAR

MUNDUA TOLOSAN 2007
Leidor Aretoa / AZAROAK 13 / 21:00

“Emakume afrikarra nahiz”, dio Cesaria Evorak. Jakina da bere ahots lodi, erakargarri eta ikaragarri tristea entzun duenarentzat. Afrika Portugaldarreko emakumea, erantsi genezake. Mindelo izeneko irla baten kolonia txiki batekoa, Cabo Verde bezala ezaguna, Senegaleko kosta parean kokatua. Hau da, Brasilera ekarritako morroien arreba kulturala. Beharbada horregatik izango da Caetano Veloso bere miresle baldintzagabea.

«Diva descalza» ezizenez ezaguna den Cesaria Evoraren musika morna deitzen da; eta haren hitzek amodioa eta distantziari buruz hitzegiten dute (zertaz hitzegin daiteke bestela irla batetan?) Musika honekin mundua liluratu du, eta 1988 urtez geroztik ia 5 milioi disko saldu…

Bere azken lanak Rogamar du izena: rogar aditzetik (otoitz egin), eta mar izenetik (itsasoa, betiko itsasoa…) dator. Disko freskoa, malenkoniatsua, itsasokoa, non Cesariak Afrikako kostaldean goxo jartzeko gonbitea egiten digun.

Hauxe da Cesaria Evoraren ekuazioa:

Lehen gaia Atlantikoko artxipelagoa da: Senegaleko itsas zabalean dauden hamar irla, Amerikarako norabidean. Badirudi bertako Sahel-klimaren idortasuna ahaztarazteko daudela itsasoaren joan-etorriak eta musikaren mugimendu kulunkaria, Afrika, Portugal, Ingalaterra, salsa, samba, quadrilleak, lunduma eta fadoa uztartzen dituen musikarena.

Bigarren gaia Lusitaniako kutsu ezabaezina duen ahotsa da, erregistro nostalgikoa eta festa uztartzen dituen abeslaria, San Juan eguneko dantzak eta inauteri paganoak berdin-berdin maite dituena.

Ekuazioak aldagaiak ere baditu… Cesariarekin, hamaika dira aldagaiak. Lehenik, konpositoreak, eta Cesariak aukeratzeko daukan gustu paregabea. São Vicente irlako Mindelo portukoek esaten dute berezko radar antzekoa daukala artistak; horrek arriskuak detektatzeko eta arrezife traidoreak ekiditeko gaitasuna ematen dio, eta onenengana bideratzen du – oraingoan, Manuel de Novas portuko pilotu ohiarengana eta Parisko musikari Teofilo Chantrerengana jo du. Azken hori erabat lotuta dago bere herriko saudadeari; hau da, Portugaleko malenkonia bereziari. Gainera, Cesariak hasiberriak ere lagundu egiten ditu… “Sortu dira, eta handitu egiten dira. Zahartzen den bakarra ni naiz”, komentatu du, brometan.

Konpositore hasiberri horietako bi barneratu ditu Rogamar diskoan. Constantino Cardoso eta Jon Luz Mindelokoak dira biak, eta talentu ukaezina dute. Ez dirudi, beraz, morna eta coladera musika estiloak soinu-globalizazioak irensteko arriskuan daudenik…

Cesariak bere paladararen arabera aukeratzen ditu konpositoreak (portugesez, “aho sabaia” eta “gustua” esan nahi du “paladar”ek). “Quel flor qu’tita murchà/Quel criançà qu’tita tchorà/Quel nuvem qu’tita passà/E sodade/E tristeza… Munda ta mudà/Ma nha estoria ta f’cà”… Teofilo Chantre eta Vitorino Chantreren Um Pincelada poesia hutsa da, eta honela itzul daiteke (nahiz eta, jatorrizko esaldien edertasuna ikusita, ez litzatekeen beharbada egokia itzultzea): “Zimeltzen ari den lorea, negarrez ari den umea, pasatzen ari den hodeia, nostalgia dira, tristura dira… Mundua aldatu egiten da, baina nire historiak jarraitu egiten du”. Nola abestu bertso horiek? Tristuraz? Inondik ere ez! Cesariak erritmoa ematen die. Rogamar diskoak ongi daki beroa hozten eta hotza berotzen.

Cesariaren ekuazioko beste aldagai bat musikariena da. Rogamar diskoan, 1999tik Cesaria laguntzen duen Fernando (Nando) Andrade piano-jotzailea entzun daiteke; horrek diskoari malenkonia tropikal alaiaren kutsua ematen dio. Horrez gain, hamabost abestietatik seitan Jacques Morelenbaum ere agertzen da. Brasilgo aparteko biolontxelo-jotzailea, arreglista eta soinu-eskultorea da, eta Caetano Veloso, Mariza eta Ryuchi Sakamotorekin batera entzun daiteke.

Gitarrak, pianoak, biolinak (kaleko biolin on, zuzen eta xumeak) eta erritmo bereziak… Antzekotasun nabarmenen atzean, milaka ezezagun daude (Cesariaren mundu propioa da). Orain Mindelon estudioa daukanez, Cesariak bertako musikariekin lan egiteko aukera du. Esaterako, diskoan, batucada taldeak entzun daitezke, hau da, São Vicente irlako perkusio taldeak, oso danbor-arrada bereziak jotzen. San Juan eguneko danborrak ere agertzen dira (udako solstizioan, ekainaren 24an, hots handiz jo ohi dituztenak); Rogamaren erritmo sinkopatuak oso era finean jotzen dituzte.

Laburbiltzeko, Cesaria Evora ezezagun ugari dituen ekuazioaren emaitza da. Sekretuak misteriotsuak diren bezala, ia bost milioi disko saldu ditu mundu osoan, nahiz eta norbaitek ospe laburra izango zuela esan zuen behin. 1988an “La Diva aux Pieds Nus” atera zuenetik (Oinutsetako Diva) eta mendebaldeko merkatuan sartu zenetik, Cesariak berak zera dio: “betebehar guztiak konplitu ditut…” Erabat bete dituela gehitu genezake, eta bere biziaren nagusi bakarra izanez, gainera.


CESARIA EVORA
musikariak

Cesaria Evora (ahotsa)
Fernando Andrade (pianoa)
Domingo Gomes Fernándes(saxofoia)
Joao Pina Alves (gitarra)
Jose Manuel Paris Neves(baxua)
Paulino Soares Vieira (cavaquinhoa)
Ademiro Paris Miranda(perkusioak)
Antero Julio G. dos Santos (perkusioak)
Julian Corrales Subida(biolina)


CARLOS NÚÑEZ
CINEMA DO MAR

Mundua Tolosan 2007
Leidor Aretoa / AZAROAK 23 / 21:00

Carlos Núñez musikari paregabetzat hartzen dute nazioartean, munduko musikaririk serioenen eta trebeenen artean jartzen baitute. Bere karismak eta espiritu aurrendariak ospetsu bihurtu dute Núñez, beraren instrumentuek –gaitak eta txirulek- normalean izaten dituzten mugak nabarmenki gainditzeraino.

Ugari dira hori bermatzen duten sari eta izendapenak: Grammy saria, The Chieftainsekin batera –haren maisuekin batera, beraz-, “Santiago” diskoagatik; Ondas saria; Preises der Deutschen Shallplattenkritik (Alemania); bi izendapen Grammy latinoentzat.

Artistikoa izateaz gain, haren arrakasta komertziala ere izan da: beraren lehenengo hiru obrak platinozko diskoak izan dira Espainian, eta mundu osoan ia milioi bat kopia saldu zituen.

Haren diskoetan itzal handiko artistak parte hartu dute, hala nola: Luz Casal, Jackson Browne, Mike Scott (The Waterboys), Roger Hodgson (Supertramp), Ry Cooder, Dulce Pontes, La Vieja Trova Santiaguera, Vicente Amigo, Noa, Carmen Linares, Teresa Salgueiro (Madredeus), Carmen Linares eta beste batzuek.

Halaber, eszenatokian musikari legendarioak izan ditu lagun, hala nola: Bob Dylan, the Who edo Sinead O’Connor.

Haren abentura diskografikoa 1996an hasi zen, honezkero klasiko bihurtu den “A Irmandade De Estrelas” diskoarekin. Obra horrek, musika zeltak ordura arte ezagutzen ez zituen bide berriak sakon esploratzeaz gain, publiko arruntarengana iristea ere lortu zuen. Harrezkero, behin eta berriz harritu gaitu, beti arrakastarekin: flamenkoarekin, poparekin eta Kubako musikarekin esperimentatu du (berak eraman zituen Kubara Ry Cooder eta The Chieftains).

30 urterekin, Carlos Núñezek etapa berri bat hasi du, Sonyrentzat grabatutako lehen diskoarekin: “ALMAS DE FISTERRA” diskoarekin, hain zuen ere.
Musika on eta eder-ederrez betetako disko bat da, inguratzen gaituen krisi-giroaren antidotoa, nonbait. Bertoko eta Britainiako (Frantziako ipar-mendebaldeko Galizia amestu hori) Finisterre lurren arteko anaitasun-disko bat. Hain dira antzekoak lur horietako paisaiak, jendea, bizimodua eta musika... non marea beltz bat ere izan baitzuten han orain dela hiru urte, “Erika” itsasontziarekin. Horregatik, “Prestige”ren katastrofearen lehenengo unetik euren elkartasun osoa helarazi diote Galiziari – haientzat Carlos “le galicien” da lur horren ordezkaria-.

Horrez gain, Carlos Núñezek “MAR ADENTRO” filmaren soinu-bandan parte hartu du, hau da, Alejandro Amenabarren film liluragarriaren soinu-bandan. Vigoko txirulari eta gaitariak kutsu zelta erantsi die zuzendariak berak ondutako soinu-banda horretako doinuei. Soinu hori, Carlosen esanetan, “Hollywoodeko hotsa dakarren soinu zelta” da. Gainera, film horretan “Negra sombra” abestia ere entzun daiteke; abesti hori Núñezen lehenengo diskoan agertu zen, “A irmandade das estrelas” diskoan, Luz Casal abeslariaren eta Ry Cooder gitarra-jole estatubatuarraren parte-hartze bereziarekin.

“MAR ADENTRO” filmeko abestia 2004ko uztailean jo zuen Carlosek estraineko aldiz, 33 urte bete zituen gauean bertan, 30.000 pertsonen aurrean, Vigoko Auditorio de Castrelos aretoan burutu zen kontzertu paregabean.

2004 urtearen amaieran, hain zuzen ere, kontzertu hura jasotzen duen DVD plazaratu da, "CARLOS NÚÑEZ & AMIGOS” izenburupean. Gau magiko hartan, Carlosek eta bere ohiko musikariek lagunen konpainia bikaina izan zuten taula gainean: The Chieftains, musika zeltiarrak inoiz izan duen talderik garrantzitsuena, León Gieco -“Sólo le pido a Dios” piezaren egile, besteak beste-, gaitajole galiziar zein eskoziarrak, Riverdance-ko dantzari irlandarrak, etab.

Orain Carlos Núñez ezusteko berri batekin datorkigu: zinearen mundua oinarri harturik, zenbait pieza unibertsalen ikuspegi berri eta ausarta azaldu nahi digu, probokazio pittin bat eta guzti.

“CINEMA DO MAR” egitasmoa, Carlosek “Mar adentro” filmeko musika sortu zuenean abiatu zen. Ondoren bestelako soinu-bandetan parte hartu duenez, hari horri heldu dio lanari jarraipena emateko.

Carlos Núñezen musikak irudien munduarekin duen harremana bistakoa da: berak sortutako abesti asko alegiazko soinu-bandak dirudite, nork bere gustuko gidoia edo paisaia irudikatu dezan.

Haurra zelarik musika munduan lehen urratsak ematen hasi zenetik, Carlosen familiak Vigoko errekaren ondoan zuen etxe zaharraren alboan eskaintzen zituzten aire libreko zine emanaldietara joaten zen beti. Deilango hondartzan, artasoro eta mahastien artean, itsas ertzean...

Etxe hartan bertan Mar Adentro filmerako musika grabatzen ari zelarik, gogora etorri zitzaikion haurra zelarik gaitarekin jotzen zituen zineko abesti ezberdinak. Kuriositatez, zenbait maketa grabatu zuen La Misión edo El Padrino bezalako piezekin. Eta Alejandro Amenabarri erakutsi zizkionean, jarraitzeko animatu zuen.

Baina gainera, zenbait abestitan haratago doa Carlos Núñez, batere aurreiritzirik gabe, unibertsaltasun bila, gaitaren mugak esploratuz, Bachen Cellorako 1. Suiteren Preludioa edota Ravelen Boleroarekin bezala...


CARLOS NÚÑEZ
musikariak

Carlos Núñez (gaita, xirulak, whistlea, okarina...)
Xurxo Núñez (tanborrak, perkusioak, bateria, teklatuak...)
Pancho Alvarez(bouzoukia, baxua...)
Begoña Riobo (biolina, ahotsa eta pandeireta)
Paloma Trigás(biolina)


ALOS QUARTET

Alos Quartet 1999an sortu zen Et Incarnatus kamara orkestraren baitan. Musika klasiko nahiz modernoan ibilbide artistiko zabala duten musikariez osatua dago. Ospe handiko orkestra ezberdinekin lan egiteaz gain (hala nola, Euskadiko Gazte Orkestra, Euskadiko Orkestra, Espainiako Gazte Orkestra, e.a.), laukoteko partaideak folk taldeetako kide ere badira (Oskorri, Benito Lertxundi).

Bere errepertorioan Alos Quartet-ek gaur egungo musikaren esparru zabal eta anitza jasotzen du, hari laukote klasikoaren ikuspegi berri bat erakutsiz. Honen adibide da 2005ean kaleratutako bere bakarkako lehen lana («Alos Quartet», NO-CD Rekords disketxearekin). Bere ibilbidean Alos Laukoteak grabaketa nahiz kontzertu ugari burutu ditu, (Donostiako Musika Hamabostaldia, Torroella de Montgriko Musika jaialdia etb)

Lankidetzen artean nabarmentzekoa da 1999 eta 2004 urte bitartean Dulce Pontes abeslari portugaldarrarekin batera egindako birak Estatuko eta Portugalgo areto entzutetsuenetan kontzertuak eskainiz: Madrilgo Kongresu Jauregia, Bartzelonako “Palau de la Musica”, Lisboako Coliseo Tetroa, e.a.

Bestalde estatuko musika jaialdi garrantzitsuenetan ere kontzertuak eskeini ditu, hala nola, Donostiako Musika Hamabostaldia, Torroella de Montgriko musika jaialdia etab.

2001 urtetik hona Alos Quartetek Kepa Junkera musikari bilbotarrarekin erregularki lanean dihardu “Maren” izeneko diskaren aurkezpenetan. 2003 urteko udaberrian, “K” zuzeneko diskaren eta "Hiri" lan berriaren grabaketan parte hartu duelarik. Egindako grabaketen artean, azpimarratzekoak dira: Oskorri, Los Piratas, La Buena Vida, Olatz Zugasti, Bide Ertzean, Kepa Junkera, Tejedor, Ken Zazpi, Angel Unzu, El Hombre Burbuja, Faltriqueira, Niko Etxart, Rafa Rueda eta Joserra Senperena musikarien diskoetan egindako kolaborazioak.

2007 urtean Bilboko udal txistulari Bandarekin batera « Harizko Txistua » izeneko lana kaleratzen dute konposatzeile garaikide ezberdinek idatzitako obrak grabatuz.

ALOS QUARTET musikariak

Xabier Zeberio (biolina, nyckelharpa)
Francisco Herrero (biolina)
Lorena Nuñez (biola)
Pello Ramirez (biolontxeloa)



BLACK HERITAGE SINGERS
GABONETAKO GOSPEL KONTZERTUA

MUNDUA TOLOSAN 2007
Leidor Aretoa / Abenduak 15 / 21:00


Amerikan bizirik dirauten musika herrikoien artean, “beltza espirituala” da gehien zabaldu dena. Bere atal freskoena, gospela alegia, elizetan zein kontzertu aretoetan sartu da, Dvorak edo Virgil Thompson bezalako konpositoreak inspiratuz eta mundu guztiko eskoletan zein abesbatzetan erabat errotuz.

Gospeleko doinuak egungo herri-musika guztietan barneratuta daude. Nazioarte mailako izar handi askok eta askok, lan handia zor diote mende luzeetan gospela garatu duten musikari anonimoei. Eta ez hori bakarrik! Aretha Franklin, Ray Charles, Jacksontarrak edo James Brown bezalako izen handiak eliza beltzetatik sortuak dira. Izan ere, historian zehar, gospelak egungo musika korronte bizienak hartu ditu bere baitan: jazz-a, blues-a, country-a edo hip hop-a esate baterako.

Landatzeko garaietan, Afrikako gizon eta emazteek beren interpretatzeko estiloa XVIII. mendeko himno ingelesekin batu zuten. Ordutik hona, mundua aldatu da. Gaur egun, Estatu Batuetako afroamerikarrek musika hau nazioartean interpretatzen dute. Oraindik indar osoz, eta oraindik esaldi bakoitzari aspaldiko bakardade eta harrotasun hura dario. Hori da bere historia.

BLACK HERITAGE SINGERS, Estatu Batuetan sari gehien lortu dituen Mississippi Mass Choir formazio afroamerikarratik sortu zen. Era berean, Children of Israel eta Black Heritage Choir taldeekin ere elkarlana egin du. Formazio ospetsu honek arrakasta handia lortu du hasieratik, bai Estatu batuetan bai atzerrian ere.

Abesbatza hauek guztiek bira ugari egin dituzte Europan azken urteotan. Besteak beste, Black Heritage Singers taldeak Espainian eskaini zuen bira garrantzitsu bat 2004ean: Madrileko Centro Cultural de la Villan, Bartzelonako Palau de la Musican, Konpostelako Nazioarteko Musika Jaialdian, edo Donostiako Kursaal Auditorioan egon ziren besteak beste. 2005ean Caja Españako XV.urteurrenean parte hartu zuten, Gaztela eta Leongo katedraletan kontzertuak emanez.

BLACK HERITAGE SINGERS taldea gospeleko izen handiez osatutako taldea da: RHONDA O’NESHIA CHAMBERS, STEPHEN M. JOHNSON eta ALISA PATRICK bakarlariak, BARRY BOLDEN bateria-jolea, DOMINIC TORRAE THIGPEN baxu-jolea, eta JERRY SMITH konpositorea, moldatzailea, musika-zuzendaria, abeslaria eta piano-jolea.

ABESLARIAK

RHONDA O’NESHIA CHAMBERS
Jacksonen jaioa(Mississippi). Tougaloo College-en musika ikasketetan graduatuta,. Bere ibilbidean, William Brothers, The Canton Spirituals, Doug Williams edo Beverly Crawford-ekin abestu du. Jackson Music Award sarietan Korista Onenaren saria jaso zuen.

STEPHEN M. JOHNSON
Jacksonen jaioa (Mississippi). Musika ikasketak burutu zituen Tougaloo Collegen eta Master of Arts egin zuen Jackson State unibertsitatean. Greater Fairview Baptist Church elizaren bazkidea da eta kongregazio horren abesbatzaren zuzendaria da. Mississippi Children’s Choir taldean bakarlari onenaren saria eman zioten.

ALISA PATRICK

Jacksonen jaioa, (Mississippi). Mississippi Mass Choir abesbatzaren ahots-altuen burua da. Children of Israel taldearen kidea da, eta musika tailerretan parte hartzen du maiz. The William Brothers, Gladys Knight eta Walter Hawkinsekin lan egin du. Bere azken partaidetza Take Me Back: A Musical Tribute To The Civil Rights Movement lanaren ekoizpenean izan da.

JERRY SMITH

Jacksonen jaioa, Mississippin. Gospel musikarekiko griña bere amagandik datorkio. Izan ere, bere amak Jacksoneko Anderson elizako abesbatzan kantatzen zuen. Frank Williams XX.mendeko gospel-ahots esanguratsuaren jarraitzaile preziatuenetakoa da Smith. Bere ibilbidean musikaren teoria irakaslea izan da Jackson State Unibertsitatean, organo-jolea Grater Fairview Missionary Baptist Church elizako abesbatzan, hainbestetan saritua izan den Mississippi Mass Choir-en musika zuzendaria, bai eta Children of Israel taldearen burua ere. Talde honekin zegoenean, Canton Spirituals, Rev. James Moore edo Williams Brothers maila handiko abeslariekin lan egin eta grabatu du.

Informazio korporatiboa - Lege Oharra

Telefonoa: 943 314800 / Faxa: 943 215788
SYNTORAMA
Portuetxe kalea 53-A, 1 solairua 104-bulegoa
20018 Donostia