
|
MADDI OIHENARTEN "HARI BIRU" LILURAGARRIA
2007.eko Urriak 29
Maddi Oihenart euskal herri-musikako ahotsik zoragarrien, aberatsen eta zinezkoena dugu. Bere kantatzeko modua ez da genero eta estilo arauetara mugatzen: bere arimatik sentitzen duena ateratzen du, Zuberoako mendietan kantatzen duenean bezalaxe. Konpasa naturak, sentimenduak, intuizioak markatzen dute. Eta bere ahotsa, sakontasun eta sentiberatasun iturri garbia, lur majiko eta mitikoaren lilurara entregatzen da, aldi berean euskalduna eta unibertsala den lur horretan.
Orain “Hari biru” (Elkar, 2007) aurkezten du zuzenean, bere izenean sinatzen duen lehen lana. Bertan, bere lurraren mamia islatzen du, berak eta Juantxo Zeberiok -diskoko moldaketa guztien egileak- sortutako abestiak eta egungo euskal poesia oinarri harturik. "Hari biru” honek harritu eta harrapatu egiten gaitu, gure ametsen bidezidorrak argitzen dizkigu, irribarrez bere magal beroan esnatzen garen bitartean. Eta Juantxo Zeberio (pianoa), Txema Garcés (kontrabaxua) eta Pello Ramirez (txeloa eta akordeoia) musikariekin batera eskaintzen ari den zuzeneko emanaldiak entzutea esperientzia guztiz harrigarria da. |