
|
MARIZA BERE LAN BERRIA GRABATZEN ARI DA
2005.eko Otsailak 10
Mariza Brasilen dago une honetan, Jaques Morelenbaum ekoizten ari den disko berria grabatzen. Abeslariaren hirugarren lana izango da, eta "Fado em Mim" (2001) eta "Fado Curvo" (2003) aurreko bi diskoen arrakastaren ondotik dator. Jaques Morelenbaum musika arloko izen handia dugu. 1991 urtez geroztik Caetano Velosoren zuzendari musikala izateaz gain, hainbat musikari handiren ekoizle eta musikari lanetan aritua da, hala nola Egberto Gismonti, Gal Costa, Chico Buarque, Milton Nascimento, Carlinhos Brown eta Ryuichi Sakamoto, azken honekin batera mundu mailako bira bat egin zuelarik.
Iaz, Marizak "Live in London" DVDa plazaratu zuen, honezkero platinozko diskoa bilakatu dena. CDen salmenta ere bikaina izan da, Portugalen 200.000 ale inguru eta mundu osoan zehar ia milioi erdi bat saldu direlarik. DVD honek Marizak 2003ko martxoan Londongo Union Chapelen eskaini zuen emanaldia jasotzen du, BBC Awards for World Music, Best European Act, saria irabazi zuen gauean bertan.
BBCren sari honetaz gain, bi Deutscheschalplatten Kritik sari (Alemaniako kazetariek erabakita), Kanadako First Award for Most Outstanding Performance, eta Europar Batasunak lagundutako European Border Breakers Award sariak eskuratu ditu, besteak beste. Gainera, Marizak Portugalgo atzerriko prentsak ematen duen "Personality of the Year” saria ere jaso du, bere ibilbidean "portugaldar kulturaren hedapenaren alde egindako lanagatik”.
Bestalde, joan den urtean Sting abeslariarekin batera "A thousand years" abestiaren grabaketa burutu zuen, bi bertso portugesez abestu zituelarik. Abesti hau 2004ko Atenasko Joku Olinpikoak zirela eta argirara eraman zen "Unity" diskon agertzen da. |