|
SASHA
Haur prodijio ohia, Paulina Rubioren eta Ricky Martinen eszena-kide ohia, telenobeletako antzezle ohia, telebistako programa-gidari ohia, Sasha bere arau bakarrari eusten dio: arauen arabera ez jarduteari. Orain, berriz, arrantxeren tronura igo da ustekabean.
Bere jaioterritik –Mexikotik- Bostonera, Paristik Madrilera. Sashak musika eta arte dramatikoa uztartu zituen hainbat urtez. Bere herrian, arrakastaren gailurrera iritsi zen, zeren bertan benetako masa-fenomenoa baita, eta haren diskoak kultuko piezak. Hori lortuta, Sashak bere burua berriz asmatzearen eta hiltzearen artean aukeratu behar izan zuen. Bere burua bilatzea, lotan geratu gabe.
Eta 2004an egin zuen, “Por un amor” diskoarekin; bertan, pop musikari lotutako iragana atzean utzi eta Mexikoko tradizioan murgildu zen buru-belarri. Grabazioa Madrilen egin zuen, bertan aurkitu baitzuen beharrezkoa zuen bakea, arrantxerak emeki dastatzeko, bihotz-bihotzetik kantatzeko, eta, aldi berean, erritmo barnekoagoak sartzeko –baxuarekin eta biolontxeloarekin, musika herrikoi horretan ohikoak ez badira ere-, tradizioa ikuspegi pertsonal garbi batetik erakusteko.
Sashak pentsatzen du –eta erakusten du- musika tradizionala bestelako modu batean trata daitekeela, musika hori oso tradizionala izan arren, era guztietako publikoen gustukoa izan dadin. Horixe da haren apustua: errepertorio mexikarraren abesti eta autore esanguratsuen erronkari heltzen dio ahotsarekin, musika etniko hutsetik urrunduz; aldi berean, baina, hainbat genero jorratzen ditu, hala nola arrantxerak, sonak, huapangoak, inoiz ere ahaztu beharko ez ziratekeen abesti batzuk berreskuratzeaz batera.
“Por un amor” diskoak José Alfredo (Paloma negra, Ella) edo Chavela Vargasen (La noche de mi mal) klasikoak biltzen ditu, eta, halaber, jazzetik (Te solté la rienda) eta flamenkotik (El crucifijo de piedra, El gustito) gertu dauden abestiak. Hori guztia arrazazko abeslari baten ahots dramatiko eta elegantearekin, despit handiz, arrantxerak oraindik ere esploratu gabeko genero bat direla uste duela adieraziz.
Merezi du esperientzia hori zuzenean bizitzea: “El gustito” mexikarra kantatzen duenean, eszenatokia txiki geratzen zaio Sashari. |