|
Herrialdeak Cabo Verde du izena, eta berak LURA. Aspaldian Portugalgo kolonia izandako honetan abesten du, Senegal ondoan hamar uhartek osatzen duten herrialdean, itsasoan sakabanaturiko hamar sumendi-harrietan. Cesaria Evora maite dutenek ezaguna dute uhartedi hau,estrategia globalarentzat hutsaren hurreneko balioa duena. Baina jakintza handia gordetzen du haien biztanleengan, naziorik ahaltsuenei zer irakatsi franko duelarik. Europako kolonoek asmatu, afrikarrek landu eta lehorteak zigortua, Cabo Verde nolabait moldatu ahal izan da gosez beteriko historiak utzitako zauriak sendatzeko eta herrialde abegitsu, baketsu eta harroa bihurtzeko. Lurak bere jaioterriaz abesten du, nahiz eta han jaioa ez izan berez...
Lura bere sustraietako herria bezain gaztea da. Cabo Verde 1975ean independizatu zen Portugaldik, Lura Lisboan jaio zen urte berean, hain zuzen. Portugalgo hiriburuan bizi da Cabo Verdeko dispora gehiena, baina emigrazio handia dago orobat Senegalen, Estatu Batuetako ipar-ekialdean, Holanda, Frantzia eta Italian. Biztanleen arteko hirutik bi handik kanpo bizi dira, baita haren artistak ere. Lisboan, Benfica auzoan bizi dira gehienbat, kale estuak eta hormigoizko etxeak dituen barrutian. Hala ere, Lisboa portugaldar-afrikarraren “erdigunea” Rua Poço de Negros da, Bairro Altotik Parlamento alderaino doan kale nagusia, jatetxe, denda eta nightclub afrikar mordoa dauzkana
Luraren aita Santiagokoa zen, Cabo Verde osatzen duten uharteetatik handi, berde eta afrikarrenekoa. Ama, aldiz, São Nicolaukoa, bertako grog edo ronik onena ekoitzen duen uhartekoa. “Nire familiak ez zeukan inolako zerikusirik arte munduarekin, baina gurasoek morna entzuten zuten batez ere”, dio Lurak, bere gaztaroa gogora ekarriz, eta Cabo Verde mundu osoan famatu duen Cesaria Evoria kantariak interpretatzen duen tertziopelozko saudade-ari buruzko aipua eginez. “Hark ireki du bidea. Eta orain Cabo Verdeko beste estilo batzuk ere aurkez ditzakegu”, azaltzen du Lurak. Igeriketak, dantzak eta bere burua eder ikusteko gogo hutsak zizelkaturiko haren gorputzak Cabo Verdeko bi edo hiru genero nagusiak interpretatzen ditu.
Lura dantzaria zen Jukak, Lisboan musika afrikarreko izarrak -jatorriz São Tomé e Príncipekoa-, bere album berrian parte hartzeko eskatu zionean. “17 urte nituen eta koroak egitera nindoala uste nuen, baina Jukak berarekin batera kantatzeko eskatu zidan. Sekulan ez zitzaidan burutik pasatu abestea, baina berak ez zuen amore eman”, dio. Horrela aurkitu zituen Lurak bere ahotsaren ahalmenak, bere tinbre sakona eta bere inflexio sentsualak. Jukaren diskoak arrakasta handia lortu zuen, eta Afrika lusofonoko beste pertsonaia ospetsu batzuek ere eskatu zioten beraiekin kolaboratzeko, hala nola Angolako Bongak eta bere herkide Tito Paris, Paulo Florès eta Paulinho Vieirak. Bera antzerki konpainia batean ari zen lanean, ekoizle portuges batekin bere lehen diskoa grabatzen zuen bitartean: dantzarako diskoa izan zen bere belaunaldiarentzat, funtsean estilo kriollo caboverdetarra zuena. “Batez ere diskoteketarako pentsatuta zegoen”, azaltzen du. Baina diskoaren errezeta eta truku komertzialak gorabehera, Nha Vida (Ene bizia) izeneko abestiak interes handia piztu zuen, eta horrela aukeratua izan zen Red Hot + Lisbon izeneko errekopilazio-disko baterako, HIESAren aurkako kanpaina baten barruan, Caetano Veloso eta Marisa Monte izar brasildarren ondoan, eta Djavan, Bonga eta Teresa Salgueiro, Madredeus taldeko abeslariarekin batera. Lurak 21 urte zituen orduan.
Bongarekin –Mulemba Xangola- batera duo bat egin zuenean izar-gai gaztea deskubritu ondoren, Lusafricak 2002an ekoitzi zion bigarren diskoa. “Disko hau gazteei zuzenduta zegoen”, dio abeslariak. Beste hitz batzuekin esanda, r’n’b eta zouk koktel bat zen, Cabo Verde gazteriaren artean boladan zegoena. Baina belarri adituek balio berezia zuten bi abestiri antzeman zioten: Ma’n ba dès bès kimida dâ eta Tabanka Assigo, Tcheka gazteak idatzitako bi kantu, Cabo Verdeko musikaren barnemuin pausatua eskaintzen dutenak, ahots heldu sentsual batek kantaturiko erritmo miragarriak.
2004. urtean, Lurak benetan caboverdetarra zen disko bat grabatu zuen azkenik: Di Korpu Ku Alma (Gorputz eta arimakoa), oso ospe handia irabazi zuena bai bere herri barruan, eta baita kanpora ateratakoen artean ere, Vazulina izeneko abestiari esker: bertan, neska gazte afrikarrek, ilea lixatzeko asmoz, eskutadaka erabiltzen duten gominaren inguruko gehiegikeriak kontatzen ditu. Cabo Verderen nortasuna agertzen duen gai hau Orlando Panterak idatzi zuen, hil aurretik herrialde horretako genero tradizional nagusienetako bat irauli eta artista berrien belaunaldi oso batentzat inspirazio-iturri bilakatu zen idazleak.
2005ean, Di Korpu Ku Alma berriro atera zen plazara, 4 abesti berrirekin eta DVD batekin. Albumak take berri bat dauka, batuque erritmokoa, Santiagoko emakume lixiba-jotzaileek altzoan daukaten arropa mordoaren gainean interpretatua. Luraren ahots leunak, apur bat etenak, aurkezten dizkio munduari... |