|
Haris Alexiou 70eko hamarkada hasieran sartu zen Greziako musika munduan. Ahots karismatikoa, antzezteko era berezia eta eszenan duen presentzia handia direla-eta, laster iritsi zen maila gorenera. Egun, gailurrean jarraitzen du; lan eta lan ibiltzen da, etengabe, adierazpen bide berrien bila, argi garaikideari eta Greziako musika herrikoiari ospea eta balioa eman nahian. Greziako konpositore handienekin lan egin izan du, bost kontinenteetako musika-antzoki onenetan agertu da, eta maila goreneko hainbat sari jaso ditu.
Hogeita hamar disko baino gehiago grabatzeaz gain, beste zenbait artistaren diskoetan ere parte hartu du, direla famatuak, direla gazte hasiberriak, eta beti adi egon zaie ireki izan diren musikaren bide berriei.
2003ko irailean, Haris Alexiouren “To the End of your Heaven” diskoa atera zen. Bertan, hogeita hamar abesti daude, hainbat konpositore eta autorerenak. Horietatik lau Haris Alexiouk idatzi ditu. Besteak Greziako konpositore ezagunek egin dituzte; esaterako, Antonis Vardisek, George Theofanousek, Manolis Famelosek, “Ekinos + Ekinos”-ek (Tassos Voyadjis eta Solon Apostolakis), Makis Seviloglouk, Panayotis Yatrakosek eta Sophia Argyropoulouk. Horrez gain, abestietako bi Haris Alexiouk duoan interpretatzen ditu; bata Yannis Kotsirasekin, eta bestea PYX-LAX taldeko Filipos Pliatsikasekin. Lan horretan orotariko estiloak daude; tartean, “laiko” estiloa (musika herrikoi tradizionala), baladak eta kanta modernoak entzun daitezke, baina guztiak batzen dituena soinuarekiko errespetua da. Obra osoaren ezaugarri nabarmenetakoa publikoarekin duen harreman zuzena da; izan ere, diskoko hamahiru kanta laburretan, entzule bakoitzak bere nortasunaren alderdiren bat aurki dezake.
Bere ibilbideko lehen pauso garrantzitsua George Dalarasekin “Mikra Asia” (Asia Txikia) diskoan parte hartzea izan zen. Diskoa Apostolos Caldaras eta Pythagorasena zen, 1972koa; eta historian sartu egin zen, 70eko hamarkadako arrakasta handiena lortu baitzuen, eta “MINOS-EMI’s 100 Greatest Hits of the Century” zerrendan sartu egin baitzuten.
1973an, Harisek Manos Loizosen eta Lefteris Papadopoulosen “Kalimera ilie”(Egun on, Eguzki), Apostolos Kaldarasen eta Lefteris Papadopoulosen “Byzantinos Esperinos”, eta Yannis Spanosen eta Lefteris Papadopoulosen Odos Aristotelous(Aristotelous Kalea) diskoetan parte hartu zuen. Gainera, Harisen eta Manos Loizosen artean benetako laguntasuna sortu zen, bizi osorakoa; beren lankidetza emankorra ere orduan hasi zuten.
1975ean, bere lehen diskoa atera zuen: “12 ‘Laika’ Songs”. Disko horretako kantuetako bat, “Dimitroula”, alegia, garai guztietako klasikoa bilakatu da.
Urte berean, Plakako aretoetan agertu zen, eta kantuak aurkezteko era berri bat inposatu zuen, ohiko gaueko klub handietan egiten zenarengandik ezberdina, erabat. Junta militarra aurreko urtean erori zenez, garaia kantu politikoak eta “rebetika” kantuak egiteko aproposa zen, eta Haris Alexiouk kanta tradizionalak, baladak, kanta modernoak, kanta herrikoiak eta rebetikak abesten zituen.
Ondoren, eta urte askotan, George Dalaras, Dimitra Galani, Basilis Papakonstantinou eta Yannis Pariosekin aritu zen. Bere kontzertuek arrakasta handia zuten, bai estadioetan, baita antzokietan ere. Besteren artean, Loizos, Papadopoulos, Nikolopoulos, Spanos, Theodorakis eta Kuyumdjisek idatzitako abestiak interpretatzen zituen. Orduan iritsi zen gorenera bere ospea. Geroztik, “Greziako Haroula” ezizenaz ezagutzen du jendeak.
1979an, “Ta tragoudia tis Haroulas” (Haroularen kantak) argitaratu zuen. Musika Manos Loizosena zen, eta hitzak, berriz, Manolis Rassoulis eta Pythagorasenak. Disko horretako “O Fantaros” kantak (Soldadua), segituan, arrakasta izugarria izan zuen, eta “Ola se thymizoun” (Edozer gauzarekin zutaz gogoraratzen naiz) abestia Greziako balada ederrenetarikotzat jotzen da, garai guztiak kontuan hartuta.
80ko hamarkada bi arrakasta izugarrirekin hasi zuen: “Fevgo”(Banoa) eta “Ximeroni” (Egunsentiak).
“Songs of Yesterday” diskoa Dimitra Galanirekin batera egin zuen, eta bertako baladek txundituta utzi zituzten entzuleak. Garai berean, kanta tradizionalak eta herrikoiak grabatu zituen, rebetikak eta laikak, eta kontzertuak Grezian eta atzerrian ematen zituen.
1983an atera zuen “Tsilika” diskoa. Bildumagileentzako disko ezin hobea da, 1900 eta 1935 artean idatzitako rebetika kanta zaharrak biltzen baititu.
1986an hasi zen Thanos Mikroutsikos konpositorearekin lan egiten. Elkarrekin egin zuten lehen diskoa ”I Agapi ine zali”(Maitasunak zorabiatuta) deitzen zen. Bertako kanten hitzak Alkis Alkeos, Nikos Kavadias, Andreas Mikroutsikos eta Babis Tsikliropoulosenak ziren, eta diskoari izena eman zion kanta oso ezaguna egin zen. “Eleni” eta “Erotikon” kantek ere arrakasta lortu zuten. Urte berean, Haroulak Frantziako entzuleak ere xarmatu zituen. Izan ere, Théâtre de la Ville antzokian abestu zuen, eta Frantziako prentsak kritika bikainak egin zizkion. Ondoren, Zipren, Tunisian, Alemanian eta Greziako hainbat eta hainbat hiritan eman zituen kontzertuak.
1987an, mundu osoan ospetsua den Manos Hadjidakis konpositore greziarrak bere “Sirius” klubera gonbidatu zuen, “Unpredictable Songs” aurkeztera, eta grabaketa estudiora ere eraman zuen, bere zuzendaritzapean. Urte horretako udan, Hadjidakisen kontzertu ugaritan abestu zuen, Greziako hiri askotan.
1988an, talentu handiko Fatme gazte taldearekin lan egin zuen. Paolo Conte Italiako kantari eta konpositore ospetsuarekin ere aritu zen, eta Atenaseko Palace antzokian elkarrekin agertu ziren.
1989an eta 1990ean, “The Show in on” musika agerraldia aurkeztu zuen, Dimitra Galani eta Yannis Pariosekin batera, bai Atenasen, bai Tesalonikan. Lan horren ondorio gisa, izen bereko diskoa atera zuten.
1990ean, Thanos Mikroutsikosekin bigarren disko bat atera zuen, “This Cologne Lingers on for Years” izenekoa, Lina Nikolakopoulouren hitzez lagundurik. Urrian, hamarkadako kontzertu garrantzitsuenean parte hartu zuen, Atenaseko Peace and Friendship Stadium estadioan. Izan ere, “Our Own Night” izeneko jai-kontzertu horretan, Greziako artista handi guztiek jo zuten.
1991n, Atenaseko Attikon antzokian, “In Three Acts” (Hiru Ekitalditan) agerraldi berezia aurkeztu zuen. Lehen ekitaldian, Hadjidakis, Loizos, Mikroutsikos eta Brecht-Weillen abestiak eman zituen. Bigarrenean, Greziako musika modernoa jotzen zuten hainbat talde gonbidatu zituen, eta Harisek berak idatzitako kantuak abestu zituen. Hirugarren ekitaldian, bere kantu arrakastatsuenen pot-pourria egin zuen. Ondoren, agerraldi bera Grezia iparraldeko estatu antzokian aurkeztu zuen; esan beharra dago areto horretan agertzen zen lehen kantari greziarra izan zela Alexiou.
Bere kontzertuekin, musika agerraldietarako estandar berriak sortu zituen; izan ere, sekulako argi eta soinu ekipamenduak erabili zituen, baita abangoardiako dekoratuak ere.
1991ko udazkenean, Costas Hadjisekin, Maouro Bologninik zuzendutako agerraldia aurkeztu zuen Atenaseko Rex antzokian, eta Tesalonikako Radio Cityn. Horren ondorioz, “Alexiou Sings Hadjis” (Hadjisen kantak, Alexiousek emanik) diskoa atera zuen.
1992an, Polygramekin hasi zen lanean, eta bere kantei estilo berria eman zien, arrakastarekin. “Di’ efchon” (L’orale) diskoa argitaratu zuen, Nikos Antypasen musikarekin eta Lina Nikolakopoulouen hitzekin. Greziako diskografiari begira, oso lan berritzailea izan zen, eta horrek Haroularen karrera luzeari bultzada berria eman zion.
1993an, disko hori Japonian, Belgikan, Frantzian eta Israelen atera zuen Polygram Internationalek. Frantziako “MCM International” telebista kateak Lycabetus Theatre antzokian egin zuen kontzertua filmatu eta proiektatu zuen. Urte horretan, munduko hamaika lekutan ibili zen kontzertuak ematen, Zipre, Estatu Batuak, Kanada, Israel eta Europako hainbat herri kasu, eta Parisko Mogador antzokian eman zion amaiera birari.
1994an, “Hey!” diskoa atera zuen, Nikos Antypasen musikaz eta Lefteris Papadopoulos eta Aris Davarakisen hitzez lagundurik.
Urte bereko udan, Herod Atticus Odeonen, Mauro Bologninik zuzendutako agerraldia eman zuen. Urrian, lehen aldiz, Japonian kantatu zuen, baita arrakasta handia lortu ere.
1995ean, “88 Nefelis Street” diskoa atera zuen. Disko horretako abesti guztiak berak idatzi zituen. 1995eko apirilean, diskoak “Prix Adami” saria jaso zuen Pariseko Kongresu Jauregian. Sari hori artista bikainei ematen dio urtero Charles Cross akademiak.
Urte horretan bertan, Studio Nefeliren ateak ireki zituen, eta bertan kanta berriak aurkeztu zituen, “Café Theatre” giroan.
1996an, “Nefeli’s Tango”-ren hitzak idatzi zituen, Loreena McKenniten musikarekin. Abesti hori eta mundu osoan egin dituen kontzertuetan grabatutako zuzeneko hainbat kanta “Around the World ’92-‘96” diskoan sartu zituen. “Nefeli’s Tango” abestia zenbait hilabete geratu zen Europako hamar world music kanta onenen artean.
1997ko udaran, “Atenas 2004”-eko Joko Olinpiarretako Batzordeak gonbidatuta, kontzertu bat eman zuen Pnyka mendixkan, Acropolisen ondo-ondoan. Kontzertu horren arrakasta hain handia izan zen, leku berean beste bi aldiz eman behar izan zuela agerraldia.
1998an, “The Game of Love” diskoa atera zuen; bertan ere, bere kantuak ziren denak. Grabaketa Pariseko Studio Guillaume Tell estudioan egin zuen, Greziako eta beste zenbait herritako musikariak lagun zituela.
Urte berean, Ipar eta Hego Amerikan bira bat egin zuen, Nikos Papazoglourekin. Abenduan, Atenaseko Diogenis Studio berreraiki zuten, Chris Nikolopoulosekin egin zuen kontzertuak erakarri zuen jendetzari egokitzeko. Agerraldi hori Dimitri Papajoannoyk zuzendu zuen.
1999ko urrian, Sezen Aksu kantari turkiarrarekin batera abestu zuen, bai Atenasen, bai Istanbulen, Kultura Ministerioaren babesarekin, urte hartan bi herrietan egondako lurrikaren biktimen alde. 2000n berriro aritu ziren elkarrekin, Istanbulen eta Izmirren.
2000 urteko irailean, “Whispers” diskoa atera zen kalera. Bertan, bere kantu maiteenak agertzen ziren, ahotsaz eta pianoaz bakarrik lagundurik. Urrian, kantu horiek Atenaseko Musika Jauregian eta Epidauroko Odeioi ohian aurkeztu zituen, musikari talde txiki batekin.
Urte berean, “Estia” diskoetxea sortu zuen, eta, orduz geroztik, bere disko guztiak bertan ekoitzi ditu. Abenduan atera zuen lehena, “Strange Light” (Argi Bitxia) izenekoa. Bertan, aurretik lankide izan zituen konpositoreekin elkartu zen berriro. Ondoren, “Strange Light” “Lumiere Etrange” bihurtu zen, eta Universal-Francek Europa osoan banatu zuen. Aldi berean, Haroulak bira bat egin zuen Europan; ospe handiko antzokietan jo zuen, eta entzuleen eta kritikaren harrera bikaina izan zuen. Birari Parisen eman zion amaiera, Pariseko Olimpia aretoan, arrakasta handiko kontzertuarekin.
2002 urtea ere sormenekoa izan zen Haroularentzat. Keramikos Music Hallen jo zuen, “laika” kantu gehiago emanez. Agerraldi horretan Lavrentis Macheritsasek eta beste artista gazte batzuek hartu zuten parte. Horren ondorioz, “Keramikos Live” diskoa atera zuen.
Greziatik Australiara, Errusiatik Afrikara, Amerikatik Japoniara, Haris Alexiouk Greziako kantuen sentimendua zabaldu egiten du. Harisen iritziz, poeten eta konpositoreen bitartez, Greziako kantuek erakatsi diote bere herriko historia eta kultura. |