|
Pulsar ziklo erregularretan igortzen den erradiazioaren bidez (argi-erradiazioa, baina baita soinu-erradiazioa ere) ezagutzen ditugun neutroi-izar urrunei ematen zaion izena da.
Halaber, Pulsar Danças Ocultas laukote portugaldarraren hirugarren album originalaren izenburua ere bada. Izatez, Portugalgo hizkuntzaz, izen horrek bihotzaren taupadak adierazten ditu, edota nolabaiteko barne erritmoa. Bitxia da, gainera, hitz horrek taldearen lan baten izenburua integratzen duela, alegia, 1998an grabatutako “Ar” diskoarena. Hala, lan berriak naturaltasun eta oreka handiagoko une bat azaltzen digu; hori konposizio-lan handian antzeman daiteke, baita interpretazioaren perfekzioan eta hainbat hizkuntza eta tradizio musikalen arteko dialogoan ere.
Artur Fernandes, Filipe Cal, Filipe Ricardo eta Francisco Miguel proiektu berean elkartu zituena bazterrean utzitako instrumentu bat berreskuratzeko interesa izan zen -instrumentu hori akordeoi diatonikoa da, Portugalen “concertina” izenez ezaguna-, eta, horrekin batera, hizkuntza musikal berriak esploratzeko, irudikatzeko eta sortzeko erronka onartzeko gogo komuna ere, XIX. mendean asmatutako instrumentu horren aukera guztiak ikertzeko.
Lehenengo zeregina musika klasikoko zenbait konposizio instrumentu horretarako egokitzea izan zen –Verdiren Aida-, Bachen lan batzuk, edo Straussen Also Spracht Zarathustra-. Hori eginda, errepertorio propioa sortzeari ekin zioten.
1993an, Artur Fernandesek Danças Ocultasen grabazio batzuk erakutsi zizkion Rodrigo Leãori, eta horrek, liluraturik, Gabriel Gomesi aurkeztu zion taldea, Gomes Madredeus taldearen akordeoi-jolea zenean. Gabrielek material original gehiago ontzera animatu zuen taldea, baita hizkuntza propio bat lantzera ere. 1994ko maiatzaren gau gogoangarri batean, Danças Ocultasek Pragan jo zuten Madredeusekin batera, eta gero gau osoa eman zuten haien errepertorioa hoteleko komunetan jotzen... Gabriel Gomesek emanaldia DATen erregistratzen zuen bitartean. Taldearen lehenengo diskoa grabatzera zuzendutako aurreneko urratsa izan zen, António Pinheiro da Silva soinu-ingeniariaren eskutik. Diskoa 1996ko otsailean argitaratuko zen, azkenean.
Gehienbat Artur Fernandesen konposizioak biltzen dituen disko hori urteko diskorik onenetako bat zela onartu zen aho batez; berari esker, taldeak kontzertu ugari ematen hasi zen, nazioarteko musikaldi batzuk barne sartuta.
Era desberdineko publikoarekin izandako kontaktu horrek taldearen soinuari dinamika handiagoa emateko beharra sortu zuen musikariengan, baxu gehiago erabiliz. Horrenbestez, bigarren alterazio tekniko bat erantsi zuten, ordura arte ezin imajina zitekeen eta existitzen ez zen instrumentu bat sortuz: kontzertina-baxua. Instrumentu berri horretaz Filipe Ricardo musikaria arduratu zen.
Soinu berri horrekin, konposizio originalez osatutako bigarren multzoa grabatu zuten 1997 eta 1998 bitartean, beste tradizio, arte eta horizonte estetiko batzuetara hurbiltzeko asmo agerikoarekin.
Kontzertu berrietatik eta musikaldietan izandako parte-hartzetik haratago, apustu estetiko horrek erronka berriak ere ekarri zituen berekin. 2001ean, Paulo Ribeiro koreografoak musika berriak eskatu zizkion taldeari bere konpainiaren hurrengo ikuskizunerako. Izatez, taldekideek ikuskizunaren koreografian integratu behar izan zuten, eta, beraz, eszenatokian mugitzeko beharrak ohiko jarrera tradizionala –eserita eta modu estatikoan egotea- baztertzera eraman zituen; horrek aldaketak ekarri zituen teknologian eta interpretazioaren alorrean, eta, beraz, konposizioaren alorrean ere. “Tristes Europeus” piezarako ondutako bost konposizioak haien errepertorio berriari gehitu zitzaizkion. Bitartean, L’Empreinte Digitale editoreak haien bi diskoetatik ateratako bilduma bat argitaratu zuen Frantzian: “Travessa da Espera”.
Taldeak bere hirugarren album originala bere kabuz ekoiztea erabaki zuen –prozesu hori Jorge P. Piresen (testua) eta Duarte Beloren (argazkiak) “Alento” liburuan deskribatzen da-. “Pulsar” Lisboako O Circo Voador estudioan grabatu zen azkenean, 2003ko amaieraren eta 2004ko hasieraren artean, eta berarekin eman zioten forma Artur Fernandesek esaldi batez adierazi zuenari: “Esperientzien sintesi bat gara”. Gabriel Gomesek ekoiztuta eta Antonio Pnheiro da Silvak nahastuta, “Pulsar” diskoan kolaboratzaile ugari aurkitzen ditugu, hala nola Abed Azrié musikari eta abeslari siriarra, Edu Miranda mandolina-jole brasildarra, Lisboako gaitariak, José Salgueiro eta Rui Júnior perkusio-joleak, AntónioAugusto Aguiar kontrabaxu-jolea, Maria João abeslaria eta Mário Laginha pianista.
Munduko hainbat publikorengan antzemandako motiboak eta esperientziak erreferentziatzat hartuta, Danças Ocultasek diskurtso musikal sendoa eraiki du. Lan berri honetan bildutako hamalau konposizioek taldearen soinu-abenturaren oraingo egoera erakusten dute, hamar urte iragan direnean; abentura horren ezaugarri finko bat kontzertinaren erregistro “naturaletik” arian-arian urruntzea izan da, gure garaiko munduarekin –eta haren musikekin- dialogo iraunkor bat bilatzearekin batera. Disko honetan garbi uzten dute kontzertinak soinuak sortzeko makina bat izaten jarraitzen duela, eta, hortaz, etorkizun posibleak asmatzeko eta zentzuak eraikitzeko makina. |