Juan Mari Beltran

Bere jarduerarengatik, Juan Mari Beltran euskal herri musikako ikertzaile, eragile eta irudi garrantzitsuenetakoa dugu.

Gaztetik ibili da musika inguruan, lehenik klarinetea eta txistua jotzen eta ondoren aurreko belaunaldiko herri musikaren testiguaren arduraduna bihurtuz. Txalapartari gisa Bixente bere anaiarekin eta Artze anaiekin parte hartu zuen Jorge Oteizak 60.hamarkadan sortutako artearen euskal eskolan, tradizioan oinarritutako txalapartaren aro berriari hasiera emanez.

Rafael Ruiz Balerdi pintoreak sortutako Musika Garaikideko taldeetan parte hartu du, eta Sustraiak, Azala eta Txanbela taldeak sortu ditu. Joxan Goikoetxearekin ere bikote artistikoa izan da ere. Lan honen fruitua disko desberdinetan argitaratu da.

Herri musika eta instrumentuen ikerketa arloan lan asko argitaratu ditu, bai eta “Euskal Herriko Soinu Tresnak” pelikula eta diskoa ere, euskal herri organografiako dokumenturik garrantzitsuenetako bat kontsideratzen dena.

1985. urtetik txistu, alboka, dultzaina eta txalaparta klaseak ematen ditu Hernaniko Musika Eskolan, non Txalaparta Eskola sortu eta zuzentzen duen. Azken urte hauetan hitzaldiak eta ikastaro desberdinak eman ditu.

1996an, aspalditik garatzen ari zen proiektu bat errealitate bihurtu zuen: Herri Musikaren Txokoa ireki zuen Oiartzunen. Museo honetan, urte askotan zehar bildu duen materiala erakusten digu: instrumentuak, liburutegia, fonoteka, irudi fitxategiak, argazkiak eta filmak.

ARDITURRI (2001), Juan Mari Beltranen lehen lana da bakarlari moduan, nahiz eta seikote bezala aurkeztu. Diskoa Suso Saizek egin du, Maddi Oihenart (ahotsa), Joseba Tapia (trikitixa), Miriam Atxaerandio (biolina), Oihana Irastortza (pandereta) eta Joxan Goikoetxearen (akordeoiak) laguntzarekin.

ARDITURRIn, Juan Mari Beltranek euskal musika tradizionaletik ibilbide oso bat proposatzen digu. Iñigo Monreal, Ander Barrenetxea, Jasone Cámara, Aitor Gabilondo eta Miriam F. Atxaerandio musikariek laguntzen diote zaharra modernoarekin elkartzen, orain arte inoiz entzun ez den sormen eta bizitasuna lortuz.

Baina hori ez da guztia: 2006. urtean lan horren jarraipena dator, ORHIKO XORIA izenburupean argitara eraman den disko berriari esker.

Orhiko Xorian, Juan Mari Beltranek lurrarekiko sentitzen duen zorra adierazi nahi digu. Musika herrikoia lur horretatik sortua baita. Berak musika aske hori hartu eta bizi egiten du, instrumentuetara eta jotzeko era desberdinetara moldatuz. Horrela, lan honetan soinu, erritmo, doinu eta testu zaharrak eta berriak ahal diren konbinazio guztietan batzen ditu.

Lurretik zuzenetik hartutako musika da, baina era berrietan, Juan Mari Beltranen erara. Aurretik musikari herrikoiek egin ohi zuten bezala. Musika bizirik mantendu daitekeen modu bakarrean: tradizioa eta berrikuntza batuz.
2009ko urrian, beste hainbat ekintzekin batera, Juan Mari Beltranek egitasmo berri bat argitaratu zuen: TXALAPARTA (Nerea editoriala eta Syntorama, 2009) Juan Mari Beltranen maisulana, testu aberats, ilustrazio, partitura eta argazkiz eginiko luxuzko liburua, 18 lan originalez osaturiko CDarekin batera argitaratua, non kantuak esklusiban proiektu honetako grabatuak izan ziren, Suso Saizen produkzioarekin. DVD bat ere ekartzen du, txalapartaren historiako protagonistei eginiko elkarrizketa apartak eta grabazioko irudiak biltzen dituena. Musika molde honetako jakituria osoaren oinarriak finkatzen dituen ikerketa lan luzearen fruitua da hau, azkeneko berrogei urteetan txalapartak musikalki eta sozialki jasandako ibilbidean eta eraldaketan arreta berezia jartzen duena, bai iraganeko ukituetan eta bai tendentzia berrietan ere.

Idatzizko eta musikazko lan honen lorpen logikoa Ttakun Ttan Ttakun da, agertokietara aparteko eran eramana. Txalapartaren soinuan barrena egindako bidaia da, gaur egun txalaparta ezagutzen dugun bezala antzoki eta agertokietara eramateaz gain, istant batean gure aiton-amonen baserrietako sukaldeetan kokatuko gaituena, edo errekan jolasean, edo uzta denboran, non soinuek abiapuntua lan-tresnetan zuten.

Magiazko bidaia honek, Juan Mari Beltran eta bere taldearen gidaritzapean, gure aiton-amonen lan-erritmotik gaur egun ezagutzen dugun txalaparta musikara eramaten digu, argi-itzal, irudi, dantza, landa esparru, eta nola ez, euskarri desberdinetan finkatutako txalaparta erritmo ikaragarrien bitartez. Gure kultura gozatzen ikasteko bidaia liluragarria benetan.

También te pueden interesar